martes, 13 de marzo de 2018

Kolore Guztietako Basoak en BIZKAIKO HITZAK, berria, 2018, martxoak 09 marzo 2018


BERTOKO BASOAK LEHENGORATZEKO AUKERA GALTZEN ARI DA ALDUNDIA, ERAGILEEN USTEZ

BIZKAIKO HITZAK, berria, 2018, martxoak 09 Albisteak,  Gizartea 

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako konpromisoak “ez dira nahikoak”, Kolore Guztietako Basoak plataformaren ustez. Bizkaiko basoen egoerarekin kezkatuta bildu diren 140 eragileren taldea da plataforma, eta bertoko basoak galtzen ari direla ohartarazi du; egoera iraultzeko neurriak hartzeko premia dagoela. Administrazioek hartu behar dute horren ardura, plataformaren ustez. Eta ez da behar adina egiten ari.

Elkartu, eta Bizkaiko basoa lehengoratzeko proposamen zehatza egin zioten eragileek iaz aldundiari, Kolore Guztietako Basoak taldearen izenean. “Negoziazioetan zortzi hilabete eman ondoren, administrazioak hartutako konpromisoak ez dira nahikoak plataformaren iritziz”, adierazi du. “Alferrik galtzen ari da Bizkaian baso kudeaketa berri bati ekiteko duen aukera”.

Datuak plazaratuta eman du egoeraren berri plataformak: Bizkaiko basoen %74,5 pinu eta eukalipto sailak dira. %25,5 soilik daude bertoko landarediaz osatuta, eta oso sakabanatuta daude gainera, sail txikietan. Bizkaiko lur publikoen %69 (21.500 hektarea) pinu eta eukaliptoz landatuta daude, eta lur pribatuen %76. Bizkaian, 17.000 hektarea eukalipto daude; azken 11 urteetan, 4.300 hektarea gehitu dira. Bizkai osoan ez dago basotzat jo daitekeen harizti edo baso mistorik.

Egoera hori irauli nahian, Lucia Isla Llona Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko Nekazaritza zuzendariari eta Carlos Uriagereka Mendi Zerbitzuetarako zuzendariari “pinu monolaborantzaren krisitik ateratzeko” proposamena aurkeztu zien plataformak iazko ekainean. Azken urteetako joeraren kalteez ohartarazi zien aldundiko ordezkariei; pinu sail handiak errotik moztu eta eukalipto monolaborantzekin ordezkatzen ari direla kasik inertziaz, eta jakina dela horrek lurra erabat pobretu eta desegonkortzen duela.

Babes handiko ekimena

Lau hilabete geroago, aldundiko ordezkariei proposatutakoa publikoki aurkeztu zuen Kolore Guztietako Basoak plataformak, basogintzari lotutako pertsona eta erakunde askoren babesarekin. Bertan izan ziren, esate baterako, EHUko hiru departamentu oso, Euskadiko Biologoen Elkarte Ofiziala eta Bizkaiko Basozainen Elkartea. Monolaborantza alboratu, askotariko landarediaren aldeko apustua egin eta bertoko basoa lehengoratu beharra aldarrikatu zuten. Naturari lotutako basogintza ekoizpena sustatzeko eskatu zuten; horrela, kalitatezko egurraren produkzioari begira jartzeko.

Izan ere, plataformako kideen esanetan, pinu eta eukaliptoaren gehiegizko produkzioen aurrean badaude alternatibak, eta hala erakusten dute Europan monolaborantzatik naturari lotutako laborantzaren aldeko jauzia egin dutenen esperientziek.

Bizkaian galdua dagoen biodibertsitate hori lehengoratzea da plataformaren helburua, hartarako kontserbazio basoen sarea sortuta. Eta, bertan, ezinbestean egon behar lukete aldundiaren ondare diren mendiak, plataformaren ustez, asko eta “bizkaitar guztienak” baitira.

Proposamen hartan, landarediaren dibertsifikaziorako bidea lidera dezala eskatu zion plataformak Foru Aldundiari; norabide horretako politikak bultza ditzala, eta berak kudeatzen dituen lurrak kudeatzeko modua alda dezala, bertako basoen eta iraunkortasunaren alde.

“Harritu egin gaitu pinu monolaborantzak eukalipto monolaborantzekin ordezkatzeko joeraren aurrean duen axolagabetasunak”, adierazi du aldundiaren jarreraren inguruan.

Aldundiak onartu eta baztertu dituen proposamenen artean, naturari lotutako basogintza bultzatzearen inguruko pausoren bat iragarri du: gaur egun, basogintza mota hori bultzatu nahi duen banakoak ezin du diru laguntzarik eskatu, laguntzak monolaborantzetara bideratuta baitaude. Hori aldatu, eta 2018 amaierarako naturari lotutako basogintza sustatu nahi dutenentzat ere zabalduko du aukera. Aldundiarenak diren lurretan landatze organikoen eskemei eusteko proposamena ere onartu du aldundiak.

Gainontzeko proposamenei, plataformak aurkeztutakoen hiru laurdenei, aldundiak “entzungor” egin diela salatu du taldeak. Esate baterako, egurra ekoizteko mendien kudeaketa eredua ez du aldatuko; ez du naturari lotutako basogintzaren alde egingo, plataformaren hitzetan, eta zuhaitzak lur mailan mozten jarraituko du, sail osoka, “biodibertsitatearen eta lurren emankortasunaren galera handia eragiten duen arren”.

Azken urteetan biodibertsitateak izan duen galera “drastikoa” ikusita, plataformak ez du ulertzen diputazioak nola ez dituen jartzen bere mendiak basoen kontserbazioari begira. Eta eukaliptoen landatzeen bidez praktikan mendi publikoen pribatizazioa gauzatzea ere ez.

Azken finean, basoen kontserbaziorako aldundiaren bultzada handia behar dela ohartarazi du plataformak, eta orain arte neurri txikiren bat hartzeko konpromisoa besterik ez duela hartu. Kolore Guztietako Basoak-ek horregatik uste du Bizkaian bestelako basogintza kudeaketa bat zuzentzeko aukera galdu duela aldundiak.

Eta, horren aurrean, ekitea erabaki du plataformak. Herriz herri bere proposamena aurkezteari ekingo dio, eta bai jabe pribatuak bai udalak bertoko basoak lehengoratzearen aldeko jardun praktikora batzen saiatuko da.

No hay comentarios: